XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi xehetasun dira bereziki adierazkor hurruntze horren arian: Batetik, Larregik kapitulu guztietan erdia kondairari eta beste erdia inguru, horren azalpen dotrinalari eskaintzen dio;

Lardizabal ez da inoiz hein hartara iristen, ez eta gutxiagorik ere, baina gainera, hau gero eta urriago gertatzen da, gehienetan istorioa soila geratzen delarik.

Hala, adibidez, lehendabiziko buruan, aingeru gaiztoen gaztiguarena kontatu ondoan:

(Lg I 15) Jainkoak nahi izan du ikhus zadin munduaren hastapenetik, eta hori kreatura konplienen beretan, ez daitekeiela dohatsutasunik haren ganik urruntzerat.

Handitasunaren eta loriaren gradurik gorenerat altxa dezan kreatura, aditzen duela guziarekin haren azpiko geldi dadin...

eta gisa honetan beste hamabi bat lerroz; Lardizabalek, ordea:

(TZ I 12) Jainkoak ordutik, aingeruak bezain izate eder eta doaitsuai emandako ain kastigu latz eta gogorrarekin erakutsi zigun arrokeria edo andiustea zein gaizki artzen duen

iruzkin laburrarekin amaitzen du guztia.

Larregiren bigarren kapituluko iruskin dotrinaletik (17-18) ez da ezertxo ere geratzen Lardizabalenean (13) eta halaxe gertatzen da gehienetan ere, salbu eta Lardizabalen I-3, II-2, III-1-5-7, IV-3-4-5, V-3, VI-2-10, VII-5, IX-5-8, etabarreko ataletan, non goian aipatu iruzkin laburraren antzerakoak ematen dituen.

Halaz ere, bien erakutsiak eta ondorioak ez dira beti berdinak.

Hau zeharo loluta dago aipatzera goazen bigarren xehetasunarekin: Larregiren liburua pasadizuka dago antolatua, hots, Testamentu Zaharra goitik behera kontatzeko inolako asmorik gabe, gertakaririk gailenenak bakarrik emanez, laburpen gisa, eta bakoitza bere azalpenarekin.

Lardizabalek, ordea, egingo nuke ia ezer ez duela kontatu gabe utzi: istorio bakoitza, bietan direnean, Larregik baino askoz zabalago eta xehetasun gehiagorekin eman ohi du;

bakoitzaren portaeraren adibide on bat izan daiteke, askoren artean, Balaan igarlearen gaiztakeriaren ondorioz kontatzen diguten gertaera hau: (...)